XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Juan Garmendia Larrañagak bildutakoei begiratu bat eman eta Calmetek aipatuen parean jartzen baditugu, antzekotasunak nabariak dira: hildakoen agerpenak, zigorrez usteltzen ez zena, bizirik agertu diren fantasmak, hots edo soinu berezien entzupenak, hozka egiten duten sorginak, heriotza eta kalteen eragileak eta abar euskal berriemaileengandik jasotako istorioetan ugari daude.

Baina aldeak ere nabarmenak dira: Euskal Herrian bildutakoen artean sorgin eta jentilei buruzkoak dira nagusi, arima erratu, hildako eta aztikeriazko kasuak ere ugari badaude ere.

Zigorren sailean Calmetek lurrak kanpora botatako eskomikatuak, hamarrenak ez ordaintzeagatik elizatik kanporatutakoak, eta abar aipatzen ditu.

Euskal Herrian bildutakoetan ere badira antzekoak.

Dena den, konparaketa egokiago baterako Calmeten lehen liburua arretaz aztertu beharko litzateke eta agian orduan bakarrik izan genezake ikuspegi orokor egokia eta XVIII. mendean Europan gai hauen inguruan nagusi ziren interesguneak nola banatzen eta sailkatzen ziren.

Gauza batean alde nabarmena ikusten dut Calmet eta Juan Garmendia Larrañagaren lanak alderatzean: lehenak berak aitortzen duenez inoiz ez omen zuen agerpenen gaia sakon aztertzeko asmorik, halabeharrez eta bidenabar aipatzen omen ditu, berak Hungariako vanpiro izenekoak aztertzea omen zuen helburu nagusia.

Halere, agi danez jendeak garrantzi handiagoa eman zion agerpenen, hau da, aingeru, demonio eta hildakoen arimei buruzko istorien parte klasikoa dei genezakeenari vanpiroenari baino.

Gainera, Calmetek helburu apologetiko filosofiko edo erlijioso batez burutzen du lana: kontakizun horien egia edo gezurra agerian jartzeko.

Juan Garmendia Larrañaga etnologiaren alorrean dabil eta bere berriemaileen kontakizunak bere horretan zehazki eskaintzera mugatzen da, berorien izena, adina, jaioterria eta etxearen xehetasunak ere emanez.